Ekainaren 5ean, Bilboko Arriaga Antzokian, Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatutako Klasikoen Irakurketa Etenik Gabearen XVIII. edizioa ospatu zen, non 1804an argitaraturiko Bizenta Mogelen Ipui onac lana ehunka ahotsaren bidez irakurri zen. Ekimen garrantzitsua izan zen atzokoa, euskal literatura eta Europako literatura klasikoa lotzen dituelako, alegia literatura-generoari lekua egiten diolako eta emakume batek euskaraz publikatutako lehen obra dugulako.
“Euliak eta Inurriak zerabilen auzi gogor bat, nor ote zen
ederrago. Euliak bere alde edo bandorako zioen:
—Zuk, Inurri itsusia, ezin burua nirekin berdindu dezakezu.
Nonahi eta noiznahi gauza guztietan aurreratzen natzaizu. Ardi edo Idi
bat hiltzen badute, neu naiz lehenengo jaten diodana nahi dudana.
Nabil Erregeen gur eta mahaietan. Lo egiteko dauzkat aukera osoan
oherik bigunenak. Nahi dudanean, eguraldi hotzetan, noa sukaldera
eta han berotzen naiz. Eguzkitara irten nahi badut, nork eragotzi? Ni
nabil, edo lurrean oinez, edo airean hegaka, nahi dudan bezala. Zu,
berriz, beti arrastaka.
—A izurri zitala! —diotsa Inurriak— Zer da ansi zu egotea
Erregeen buru eta mahaietan, lo egitea ohe bigunetan, berdin inork
ikusi nahi ez bazaitu? bazara guztientzat gogaikarria? Eguraldi
bigunarekin bazabiltza bai hegaka; zerbait badirudizu bero aldietan;
Negua datorrenean kikiltzen zara, ez zoaz mahaiko apurrak biltzera;
ezkutatzen zara toki ilunetan, eta inork ez du zure berririk, ez daki bizi
zaren edo ez; ezin aurpegirik eman diozu elur apur bati ; eta hau da
zorionekoa izatea? Ni bizi naiz udan atsegin osoan, eta non-nahi dut
zer jan. “
Ipuin honek irakasten digu ez buruzaleegiak izaten, ez
harrotzen gure gauzekin.
Bakoitzak bere burua goratzea, da bere burua ondo ez ezagutzea.
